Ikonografia eta mitoak

Ametsetan tradizio japoniarrarekin oso lotuta dauden hainbat elementu agertzen dira, bereziki Japoniako jatorrizko erlijioa den xintoismoaren alderdi animistarekin lotutakoak. Xintoismoak gurtzen dituen indar naturalek, jainkoek edo kamiek, animalia eta objektu bizigabe gisa hezurmamitzeko gaitasuna dute, eta errealitatearen plano batean ikus daitekeena eta ikusezina dena, espirituak eta mundu materiala, biak batera bizi daitezkeela sinesten dute, baita gaur egun ere. Horrela, literatura eta zinematografia japoniarrean gure alboan eta gurekin batera agertzen dira elementu arrotzak, irreala den hori (mendebaldeko termino bat erabiltzearren). Eta horrek ez du zertan negatiboa edo positiboa izan behar. Dagokiona besterik ez du egiten, naturak bezalaxe. Dramatismorik gabe.

Kitsune edo azeria. Japonian basoaren espiritua irudikatzen du eta, aldi berean, gizakiak bizi diren herrixken zaindaria da. Azeria adimentsua da eta adinean aurrera egin ahala gero eta ezagupen gehiago bereganatzen ditu, isatsak ugaritzen zaizkion moduan. Zenbat eta isats gehiago, orduan eta botere handiagoa; bederatzi isats dituen azeria da guztietan boteretsuena eta jakintsuena. Zinez, Asiako leku askotako mito bat da, izan ere, India, Txina eta Korean aurkituko ditugu horrelako animalia magikoei buruzko istorioak, baina herrialde horietan animalia maltzurtzat dituzte.

Bi kitsune mota nagusi daude: Zenko izenekoak onberak eta zerutarrak dira, Inari emankortasunaren jainkoarekin erlazionatuta daude eta makina bat tenplu xintoistatan ikus daitezke beren estatuak. Yako izenekoak (literalki landa-azeriak, agian Kurosawaren lehen ametsean agertzen direnak), basatiak dira eta bihurriak eta apetatsuak izateko joera dute.

Egozten zaizkien botereen artean, gizaki itxura, batez ere emakumezkoena, hartzeko gaitasuna dute eta, ondorioz, beren bihurrikerien biktima izan ohi dira gizakiak. Baina, oro har, elkarbizitza harmoniatsua izaten da kitsuneen eta gizakien artean, eta zenbait kondairatan emazte eta lagun leialak izatera iristen dira.

Kitsune-ken izeneko joko tradizional bat dago Japonian, gure harria-papera-guraizeak jokoaren antzekoa, baina eskuarekin azeria, ehiztaria eta herriko buruzagia irudikatzen dute beraiek. Herriko buruzagiak ehiztariari irabazten dio, hierarkikoki maila goragoko batean dagoelako; ehiztariak azeriari irabazten dio, tiro egiten diolako; baina azeriak herriko buruzagiari irabazten dio, liluratu egiten duelako.

Hina Matsuri: Martxoaren hiruan ospatzen da panpinen jaialdia, jainkoei neskentzako zoriontasuna eta osasuna eskatzeko; udaberriarekin lotura estua du jaialdi honek. Hina-arare eta hishimochi arroz-gozokiak jaten dituzte, shirozake edaten dute eta sushia jaten dute, halaber. Gainera, jaialdia baino egun batzuk lehenagotik panpinak kimono tradizionalekin jantzi eta etxeetan jartzen dituzte, plataforma baten gainean. Neskei ezkontza on bat egiten laguntzeko balio dutela uste da, baina festa amaitu eta berehala gorde behar dira, aitzitik, ezkontzeko denbora gehiago behar izango baitute.

Yuki onna: Hirugarren ametsa. Elurretako emakumea espiritu edo yokai bat da eta ekaitzarekin batera agertzen da, bere edertasun irrealarekin gizonak heriotzara eramateko. Kondairek diotenez, pertsonaia bihozgabeak dira -nahi ez badute ere-, baina urteekin gizatiartuz joan da espiritu hau eta nora ezean bakarrik ibiltzera kondenatuta dago, maitatzeko gai izanik ere. Manga eta anime-etan ageri ohi den pertsonaia bat da.

Tunelak. Lan japoniar ugaritan beste errealitate baterako ateak dira: iluntasuna zeharkatzen duten bidaiak irudikatzen dituzte eta ez da inoiz garbi jakiten tunelaren beste aldean zer egon daitekeen. Kurosawaren laugarren ametsaren kasuan, bizitzaren eta heriotzaren arteko iragaitea irudikatzen du tunelak, eta iragaite hori ia oharkabean egiten da. Tunela beste mundu baterako ate gisa irudikatzen duen beste adibide zinematografiko bat, Hayao Miyazaki-ren Chihiroren Bidaia lanean ikus daiteke, adibidez.

Efektu uhartetarra. Japonia hainbat uhartek osatuta egotea eta kataklismo bat gertatuz gero milioika pertsonak bertan harrapatuta geratzeko duten arriskua, literatura eta zinemagintza japoniarrean behin eta berriro errepikatzen den ideia bat da. Sumendi-izaera du Japoniak, lurrikaren eta zikloien mehatxupean bizi da eta bigarren mundu-gerra ondoren suntsituta geratu zen, baina, aldi berean, japoniarren etxea, harrotasuna eta zigorra ere bada.

Seigarren ametsean erradiaziotik ihes egin nahian dabiltzan Japoniako biztanleak ikus daitezke; itsasoraino iristen dira, baina ezin dute urrutirago joan. Komatsu Sakyo-ren Japoniaren urperatzea liburuan, herrialdea abiadura bizian urperatzen da eta ez dago aukerarik bertako biztanle guztiak salbatzeko, hortaz, kolonia berri bat lurreko zein lekutan kokatu pentsatu behar dute. Zinemarako azken bertsioa 2006an egin zen, Shinji Higuchi-ren zuzendaritzapean.

Oni. Folklore japoniarraren ogroa da. Zazpigarren ametsean mutante baten antzera agertzen da, holokausto nuklear bat gertatu ondoren. Handiak, indartsuak eta itxura basatikoak izan ohi dira, adarrak dituzte eta azal-kolore desberdinekoak dira. Nortasun desberdinekoak dira, halaber: maltzurrak izan daitezke, baina batzuk gizakiei laguntzen saiatzen dira, gizaki zintzoak baldin badira.

Bizitza luzea. Fukurokuju: fuku “zoriontasuna”; roku “oparotasuna”; eta ju, “bizitza luzea”; mitologia japoniarreko zorioneko zazpi jainkoetako bat da. Azken ametsean kami hau agertzen ez bada ere, herri idiliko honetan bere eragina susma dezakegu: ehun urte baino gehiago bizitzera iritsi daitezke bertako biztanleak, benetako aberastasuna naturarekin harmonian bizitzean eta baliabideak alperrik ez galtzean datza eta zoriontsuak dira heriotza iritsi arte.