7 zenbakiaren boterea

Kurosawak munduko zinemagintzan izan duen eragina erakusten duen lan bat aipatzekotan, Los siete samuráis (Shichinin non samura, 1954) aipatu behar da. XVI. mendeko Japonia nolakoa zen erakusten du, eta bushido-en etika, ohorea, leialtasuna, kemena eta sakrifizio heroikoa, eta bikain elkartzen eta lotzen ditu guztiak ekintzarekin.

Filma ukitu epikoa duen abenturazko film baten antzera ikus daiteke; zinema japoniarrak jidaigeki (dramaldia literalki) izenarekin ezagutzen duen multzoan sailkatuta dago, hau da, 1868 aurreko garaiak -alegia, Meiji garaiaren aurrekoak- erakusten dituzten filmen multzoan.

Los siete samuráis filmean eskarmentu handiko Shimura Kambei-k -Takeshi Shimura aktore ospetsuak interpretatzen du- bidelapurrek jazarritako nekazari talde bat babesteko -eta borrokarako prestatzeko- lana onartzen du. Horrela, samuraiaren zeregin tradizionalarekin, hau da, jauntxo baten interesak defendatzeko lanarekin, hausten duen elementu bat ikus daiteke dagoeneko, eta herri xehearen errealitatea erakusteko baliatzen du. Makina bat zentzu gabeko borrokalditan egondako Kambei nekatuta dago eta neke horrek eguneko hiru arroz plateren truke egiteko ia suizida batean parte hartzera eramango du, errekrutatuko dituen beste sei samurairekin batera.

Herri bat, bidelapurrak, liderra eta bere kideak, bete beharreko helburu bat, horretarako hil behar bada ere… Horixe da, itxura batean, kontakizun epikoaren funtsaren premisa bakuna, eta edozein kulturatan ikus daiteke gainera. Baita western-aren edo zientzia fikziozko filmen egiturarekin bat datorren egitura duten bestelako genero zinematografikotan ere.

Proiektu titanikoa

Los siete samuráis filmak berehalako arrakasta izan zuen eta 1954ko Veneziako Zinemaldiko Zilarrezko Lehoia irabazi zuen. Zinez merezi zuen horrelako aitorpen bat film horrek, Kurosawak muntaian erakutsitako dinamismoagatik, kamera desberdinen efektuagatik eta planoen adierazkortasunagatik. Filmaren oinarrian pertsonaien eta beren psikologiaren arteko erlazio hierarkikoa dago eta hortik abiatuta egituratzen da filma.

Zuzendariaren osasuna eta nerbioak ia suntsitu zituen proiektu titaniko bat izan zen eta behin baino gehiagotan, ezusteko desberdinen eraginez, etenda geratu zen. Hasiera batean Toho konpainia ekoizleak aurreikusitako aurrekontua gainditzeaz gain.  Aipatu konpainiako zuzendariek ere ez zuten filma ulertu. Filma estreinatu ondoren, 3 ordu eta 30 minutu irauten zituen metrajea luzeegia zela eta ordubete inguru moztu zuten. Horrenbestez, mendebaldeko zinema komertzialetan banatu zen bertsioa ordu bat eta berrogeita bost minutu laburragoa zen eta ekintzazko eszenak zituen ardatz.

Baina alea jada airean zabalduta zegoen…

The magnificent seven

Hollywoodek Amerikako Mendebaldean garatzeko egokia zen argumentu horren indarra eta erritmoa ikusi zituen eta western-aren ezaugarrietara bikain egokitu zitekeela ohartu zen. 1960an filmatu zen Los siete magníficos (The magnificent seven), Kurosawaren filmaren remake-a. John Sturges-ek zuzendu zuen eta klasiko bihurtu zen bere generoan. Bertsio horretan, Chris Adams -Yul Briner aktoreak egiten duen papera- mertzenario gizalegetsuen talde bateko buru da.

Filmak izandako arrakasta ikusita, beste hiru gehiago egin ziren: El regreso de los siete magníficos (Return of the Seven, 1966); La furia de los siete magníficos (Guns of the Magnificent Seven, 1969) edo El desafío de los siete magníficos (The Magnificent Seven Ride, 1972), benetako spaghetti western bat. Guztietan Adams-en gorabeherak dira filmaren haria, nahiz eta pertsonaiaren aurpegia aldatu. Askoz ere berriagoak dira telebistan Los siete magníficos. La serie (The Magnificent Seven, 1998-2000) telesailaren barruan grabatutako 23 atalak.

Baina film japoniarraren ekarpena ez da hor bukatzen. Nabarmen ikus daiteke bere eragina, adibidez, Beach of the War Gods lanean. 1973an zuzendu zuen Zhan Shen Tan zuzendari txinatarrak, Hong Kongeko Holden Harvest ekoiztetxeak ekoiztua. Film horretan, ezpatari batek bost borrokalari elkartzen ditu arrantzale talde bat pirata japoniarren erasoetatik defendatzeko.

Edo 1969ko Saat Hindustani indiarrean, Khwaja Ahmad Abbas-ek zuzendua, non zazpi borrokalari Goa mendekotasun kolonial portugaldarretik askatzeko borrokatzen diren.

Eta, zientzia fikzioaren alorrean, Kimmy T. Murakami-k zuzendutako Battle Beyond the Stars (Amerikako Estatu Batuak, 1980). Espainiako merkatuan Los siete magníficos del espacio izenburua jarri zitzaion.  Bai eta  Lee Katzin-en Mundo Salvaje filmean ere, 1988.

Baliteke egokitzapen interesgarrienetako bat Samurái 7 (Toshifumi Takizawa, 2004) anime seriea izatea. Bertan Erdi Aroko Japoniako landa-mundua eta mundu hierarkikoa errobot erraldoiekin (mechas) batera bizi dira iragan futurista batean.

Irudi eta garapen dramatiko bikainarekin, remake-aren eta

interpretazio zeharo askearen artean dago. Eta horrek idiosinkrasia japoniarraren alderdi bat islatzeko balio du: ttradizioa eta askotariko kultur eraginak berriro irakurtzeko eta berrinterpretatzeko gaitasun izugarri handia eta teknologiarekin eta horrek dakartzan ondorioekin maitasun-gorrotozko harreman konplexua.

Modu berean, Los siete samuráis filmeko animazioa eta espiritua –eta zerbait gehiago- aurkituko ditugu John Lasseter-en Bichos, una aventura en miniatura [1998] lanean, non inurrien herrixka batek uzta inguratzen duten matxinsalto maltzur talde batek jazartzen duen.  Guerra de las Galaxias Clone Wars filmaren oinarrian duen animazio-seriearen barruan Kurosawari eta bere samuraiei eskaintzen die Caza recompensas (Bounty Hunters) atala. George Lucas zuzendariak inspirazio-iturri nagusitzat zuen Kurosawari egindako omenaldia da.

Azterketa monografiko bat egin beharko litzateke Kurosawaren eragin guztia ezagutzeko, hortaz, ez dugu aurrera jarraituko. Izan ere, B serieko film arrakastatsuetako eszenatan antzeman daiteke, hala nola Conan El Barbaro filmean; komikiaren munduan, Marvel-en X-Men, adibidez, edo best-seller eleberrietan. Aitzitik, galdetu Stephen King-i.

Hitz-joko zinefilo bat egitekotan, gaur egun arte eragin handien izan duen filma aipatzea ezinezkoa dela azpimarratu behar da. Baina 100 lehenengoen artean Los siete samuráis filmak leku aipagarria eduki behar luke.

Anuncios