Kurosawa eta hitza

“Gauez, ohean, manta azpian irakurtzen zuen; kaletik zihoala irakurtzen zuen” (Autobiografia (o algo parecido), Akira Kurosawa, Fundamentos, Madril, 1990, 118. or.)

Zaila da Akira Kurosawa denbora gehiegi liburuetatik urrun irudikatzea. Haurtzarotik jada pasioz irakurtzen zuen eskura zuen gauza oro, nahiz eta berak aitortzen duen moduan “ez nuen ulertzen” (1).

Bere burua ikasle txartzat bazuen ere, Kurosawak berehala erakutsi zuen irakurtzeko zaletasuna eta bere bizitza osoan gogoan eduki zuen lehen-hezkuntzan bere irakasle izandako Seiji Tachikawa, berak helarazi baitzion literatura japoniar klasikoagatiko zaletasuna.

Nerabezaroarekin batera, tranbietako jendetza atsegin ez zuen Kurosawa oinez joaten zen institutura, bidean esku artean zuena irakurtzen. Alboan horma gorri bat zuela egiten zuen bidearen zati bat, egile japoniar desberdinen lanetan murgilduta: Higuchi Ichiyo nobelagile eta olerkilaria, Kunikida Doppo, Natsume Soseki edo Ivan Turgenev errusiarra. Anaia zaharrenak uzten zizkion liburuak, edo aurrezten zituen xoxekin berak erosten zituen. Batez ere testu horietan natura deskribatzean islatzen zen mehetasunak bereganatzen zuen bere arreta.

Hemezortzi urterekin, Japoniako gizartean nahasmendua eta krisialdi ekonomikoa nagusitu ziren garaian, Kurosawak literaturan, antzerkian, musikan eta zineman aurkitu zuen babesa. Horrela, bigarren eskuko liburuen dendetara joaten zen edo “yen-liburuak” –merkeagoak- irakurtzen zituen, eta pixkanaka ekialdeko zein mendebaldeko idazleak ezagutuz joan zen. “Akademikoki ez nuen inolako helbururik, beraz, nahikoa eta gehiago denbora nuen irakurtzeko. Literatura klasikoa eta garaikidea irakurtzen nuen, atzerritarra eta japoniarra, inolako bereizketarik egin gabe” (2).

Pintoreei buruzko monografiak eta liburuak atsegin zituen, halaber, nahiz eta ezinezkoa zitzaion guztiak eskuratzea. Erosi ezin zituen liburuak liburu-dendan behin eta berriro begiratu eta buruan ondo gordetzen zituen.

Urte haietan areagotu zitzaion literatura errusiarrarekiko maitasuna, bere anaia zaharrena zen Heigo-k eraginda. Benetan miretsi zuen anaia zaharrena Kurosawa gazteak, izan ere, familiako eta gizarteko arauei aurre eginez, etxetik alde egin zuen eta ostatu desberdinetan bizi izan zen, bizileku finkorik gabe, zinema-kritikak idazten.

Heigo benshi izatera iritsi zen –film mutuen narratzailea-. Benetako izar izatera iristen ziren benshi-ak garai hartan, asko baitziren film bateko irudiak nola interpretatzen zituzten ikustera eta entzutera hurbiltzen ziren zaletuak. Sormen handiko ahozko dramatizazio-genero horretan, hitzarekin eta ahotsarekin lortzen zen ikuslearen irudimena liluratzea.

Tomita andrea

Akira Kurosawa zinemagintzan sartzeko orduan idazketak zeresana izan zuen, PCL ekoiztetxearekin kontratu bat lortzeko oposizio-azterketa bat gainditu behar izan baitzuen, izangai ugarirekin batera. Lehen proba mendebaldeko zinema eta zinema japoniarra alderatzen zituen testu bat idaztea eta azken horren ahultasunak antzematea izan zen. Proba hori gainditzeak eman zion zuzendaritza-laguntzaile izateko aukera.

Zuzendari izateko aukera nobelagintzaren eskutik etorri zitzaion, modu berean. Etsiak hartutako Kurosawa aginduzko gidoilari zen garai hartan eta zuzendari izatera iristeko borroka ia galdutzat emana zuen, baina, egun batean, egunkaria irakurtzen ari zela, argitaratzear zegoen eleberri baten iragarkiak bere arreta erakarri zuen. Sugata shanshiro, arte martzialetan aditua zen kalapitariaren abenturei buruzkoa zen nobela hura. Kurosawa berehala ohartu zen, eleberriaren lerro bakar bat irakurri gabe ere, aspalditik bilatzen ari zen istorioaren aurrean zegoela.

Tomita Tsuneo egile japoniarrak idatzitako eleberria argitaratu eta gero, ekoiztetxe bat baino gehiago saiatu zen lanaren eskubideak eskuratzen; eta izen handiko zuzendariak eta aktoreak aipatzen zituzten guztiek eleberria zinemaratzeko. Hala ere, Tomitaren emazteak senarrari egindako gomendioa erabakigarria izan zen Kurosawa aukeratzeko. Izan ere,Tomita andreak Akira gaztearen hainbat testu irakurriak zituen zinema-aldizkari desberdinetan eta senarrari “etorkizun oparoko egile” bat zela azpimarratu zion.

“La leyenda del gran judo” (Sugata shanshiro, 1943) nobelarekin, Akira Kurosawak estreinakoz esan zituen hitzok: “¡Yoi, staato! (Prest, aurrera)”. Orduantxe sortu zen etorkizunean zinema japoniarraren “enperadore” izango zena.

  1. Autobiografía (o algo parecido), Akira Kurosawa, Fundamentos, Madril, 1990, 83. or.
  2. Autobiografía (o algo parecido), Akira Kurosawa, Fundamentos, Madril, 1990, 118. or.


Anuncios