Kuro-san margolari

Eskolan bere burua desberdin ikusten zuen eta gainontzekoen erritmoa jarraitzea ezinezkoa zitzaiola uste zuen Kurosawa haurrak baina, talentu artistikoa zuela konturatzean, gainerako ikasgaietan hobetzeko segurtasuna bereganatu zuen. Seiji Tachikawa-k, lehen-hezkuntzan Kurosawaren irakasle eta bere haurtzaroan erabakigarria izan zenak, animatu zuen Kurosawa gaztea bere sormena garatzera. Bere autobiografian aitortu zuen moduan: “Horrez gero, nahiz eta eskolara joatea gorroto nuen, garaiz iristen nintzen adierazpen artistikoko eskolak genituen egunetan” (1).

Horregatik, nerabe zenetik pintore izateko gogoa erakutsi zuen. Bere aitak arte-eskola batera joateko baldintza jarri zion. Baina “Cézanne eta Van Gogh miresten zituen” Kurosawa gazteak zinez uste zuen irakaskuntza arautuarekin “denbora galdu besterik ez zuela egingo” (2). Baina, batez ere, ez zuen arte-eskolara sartzeko azterketa egin nahi, beldur baitzen gaindituko ez zuela; eta horrela izan zen azkenean.

Aitaren etsipenaz haraindi, bere ikasketak modu libreago batean egiteko aukera izan zuen Kurosawak, eta prestakuntza malguagoa eta irekiagoa jaso zuen, ikuspegi artistikoa aldatzen ari ziren abangoardietan murgilduz. “Urtebete beranduago batxilergoa amaitu nuen, hemezortzi urterekin, eta koadro bat onartu zidaten Nitten galeria nazional ospetsuan. Nire aita oso pozik jarri zen” (3).

Hogeiko hamarkadaren amaieran, Japonian krisialdi ekonomikoa bizi zen eta mundu osoan zabaldutako Depresio Handiaren eraginak egoera are gehiago larriagotu zuen. Gizarteak bizi zituen asaldaketen eragina artearen mundura iritsi zen: mugimendu iraultzaile eta proletarioen alde edo erotismoaren eta groteskoaren ihes-nahiaren alde egin behar zen. Egoera horrelakoa izanik, Kuro-san, artega, ez zen mihise baten aurrean jartzeko gai. Horrez gain, “pinturako materiala hain zen garestia, ezen nire familiaren finantza-egoera kontuan hartuta, ezin nien ekipo osoa erosteko eskatu”, dio bere autobiografian (4). Pinturan erabat murgiltzeko ezintasuna ikusita, literatura, antzerkia, musika eta zinema arretaz aztertu zituen.

Hain zuzen ere, zineman aurkitu zuen bere potentzialtasuna garatzeko espazioa. Izan ere, zazpigarren artea askotariko adierazpide gisa erabili zuen Kurosawak, literatura, antzerkia, filosofia eta musikako ukituak emanez eta pinturarekin zein eskulturarekin erlazionatuz.

Nahiz eta ez zuen inoiz margolaritza lanbidetzat hartu, Kurosawak pinturagatik agertutako bokazio goiztiarraren eragina nabarmen ikusten da bere zinemagintzan. Esanak esan, irudi piktorikoa funtsezko erreferente bihurtzen da Kurosawaren zinemagintzaren ikusmoldean. Eta bere filmak egituratzeko abiapuntu ere bada, eszena desberdinen berri bisualki “emateko” erabiltzen dituen storyboard-en bitartez.

Ironikoa bada ere, film landuen zuzendari gisa ospetsu bihurtu eta gero lortu zuen pintore gisa aitorpena, pieza txiki hauei esker. «Nire helburua ez zen ondo margotzea. Eskura nituen materialak eta baliabideak askatasunez erabili nituen, besterik ez. Asko jota, filmak egiteko lagungarriak izan zitzaizkidan […]. Bitxia bada ere, benetan ondo margotzen saiatzen nintzenean erdipurdiko lanak sortzen nituen, baina nire filmetarako ideiak islatzen saiatzen nintzenean sortu nituen jendeak interesgarritzat jotzen dituen lanak». (James Goodwin, Akira Kurosawa and Intertextual Cinema, The Johns Hopkins University Press, Baltimore-Londres, 221. or.)

Autobiografía (o algo parecido), Akira Kurosawa, Fundamentos, Madril, 2006, 35. or.

Autobiografía (o algo parecido), Akira Kurosawa, Fundamentos, Madril, 2006, 117. or.
Autobiografía (o algo parecido), Akira Kurosawa, Fundamentos, Madril, 2006, 117. or.
Autobiografía (o algo parecido), Akira Kurosawa, Fundamentos, Madril, 2006, 118. or.
Anuncios

Una respuesta a Kuro-san margolari

  1. Pingback: Kuro-san margolari | La mirada del samurái / Samuraiaren begidara

Los comentarios están cerrados.