Manga eta anime garaikideak

Hogeita hamazazpi filmekin eta nazioartean makina bat sari irabazita –besteak beste, azpimarratzekoa da, zalantzarik gabe, Veneziako Zinemaldiko Urrezko Lehoia, mendebaldean zinemagile japoniar bati emandako lehen saria-, zinemagintza japoniarraren egile garrantzitsuenetako bat da Akira Kurosawa.

Pinturaren zale amorratua –antolatu dugun marrazki-erakusketa bikainean baieztatuko duzuen moduan-, Kurosawa mendebaldeko eragin handien duen zinemagile japoniarren artean sailkatua izan da. Hala ere, tradizio eta kultura japoniarra sakon ezagutzen zituen eta horrek eskaintzen zizkion baliabide ugari pantaila handira eramaten asmatu zuen.

Filmak sailkatzeko bereizketa japoniar tradizionalari jarraituz, Akira Kurosawaren lana gendaigeki filmen –gai garaikideak dituzten filmak- eta jidaigeki filmen –garaiko filmak- artean sailka daitezke. Egileak bi erregistroak joriki landu bazituen ere, mendebaldean bigarren multzoko filmengatik da ezagunagoa, zalantzarik gabe, Rashōmon, Ran edo Zazpi samuraiak gisako filmekin.

Bitxia bada ere, film-multzo horrek eragin handia izan du manga eta anime munduan. Horrela, laurogeita hamarreko hamarkadan zuzendariaren hainbat film luze paperean egokitzen zituen manga komikien serie bat argitaratu zen, garai hartako mangaka -manga-marrazkilariak- ezagunen eskutik. Besteak beste, Fujiko Fujio A –Doraemon sortzeagatik ezaguna, funtsean- eta berak egindako Yojimbo-ren egokitzapena aipa daitezke, edo Takao Saitō  –Golgo 13-ren egilea- Zazpi samuraiak filmari eskainitako bi bildumekin, edo Gōseki Kojimak -El lobo solitario y su cachorro- egindako Trono de sangre filmaren bertsioa.

Baina animearen esparruan nabarmentzen da gehien Akira Kurosawak zinema japoniarrean izan duen eta duen eragina. Eragin horren adibidea da Katsuhiro Ōtomo-k bere lanik garrantzitsuenari emandako izena –Akira-, zinema-maisurik handienetakoari omenaldia eginez; edo beste egile batzuk edo serie batzuetan Kurosawaren laneko elementuei emandako erabilera zuzenagoa.

Esanak esan, Kurosawaren bi lan bikainenetakoak egokitu dira animera, nahiz eta garai desberdinetan girotuta dauden. Kaze no Yojimbo-ren kasuan (2001), Japonia garaikidea erakusten zaigu: gazte batek Genzo Araki izeneko gizon baten bila ari diren herri bateko bi talde aurkariren arteko gertakari arraroak ikusten ditu.

Bestalde, Samurái 7 (2004) lanak Zazpi samuraiak filmaren berrikuspen erradikalago bat egiten du, fantasiaren eta zientzia fikzioaren artean kokatzen den mundu batean mecha generora egindako egokitzapenaren eskutik.

Halarik ere, Hayao Miyazaki zinemagilearen eta duela gutxi hil den Satoshi Kon zinemagilearen lanetan nabarmen eta argi ikus daiteke Akira Kurosawaren eragina eta egilearen irudiari egiten zaion omenaldia.

Kon-ek Millenium Actress filmean Trono de sangre-ko pasarte bat modu bikainean islatzeaz gain, bere azken film luzearen protagonistetako batek, Paprikak, Kurosawaren papera hartzen du kontzeptu zinematografikoak azaltzeko. Bestalde, Miyazaki-k, Yojimbo-ren zuzendariaren lagun eta miresle handiak, Kurosawaren zinemagintzarako hurbilketa egiten du. Iniziazioa, ikaskuntzaren garrantzia edo gizarte batean bizitzeak eskatzen duen banakako erantzukizunaren garrantzia gisako gaiak dira bi egileen diskurtsoa gidatzen duten funtsezko ideietako batzuk. Horrez gain, Miyazakik “Mononoke printzesa” filmaren hasierako sekuentziari egiten dion omenaldi txikia azpimarratu behar da; izan ere, Ran filmaren hasierarekin bat etortzen da alderdi askotan.

Anime-ak Kurosawaren lanarekin duen loturak joan-etorri polita irudikatzen du, zuzendariak berak animazio-munduko zenbait irudiren miresle zela aitortu baitzuen. Horren adibide garbia da Kurosawak Miyazakiren filmei buruz hitz egitean erakusten duen grina, edo animera moldatzeko gidoi bat idaztea erabaki izana.

The Masque of the Black Death -Edgar Allan Poe-ren kontakizun baten egokitzapena-, Osamu Tezukak zuzendu behar zuen. Hain zuzen ere, Tezuka da Astroboy-ren sortzailea eta “mangaren jainkoa” izenarekin ezagutzen da Japonian barruan zein Japoniatik kanpo. Arrazoi desberdinek eraginda, proiektua etenda geratu zen, baina duela bi urte abian jarriko zela iragarri zuten, 2010ean estreinatzeko, hain zuzen ere zinemagilearen jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez. Haatik, badirudi saiakera hori ahaztua izan dela eta ez da ezer gehiago jakin berari buruz.

Akira Kurosawaren Storyboard-ak: manga eta anime garaikideak Lantegiarekin marrazki bizidun japoniarren unibertsora hurbilketa egin nahi da, manga eta animea zer diren ulertzeko, bi formatuen funtsezko datuak ezagutzeko, nortasun desberdinak eta lanik garrantzitsuenak azpimarratzeko eta zinemagintzarekin eta, bereziki, Akira Kurosawaren lanarekin duten lotura erakusteko.

Eskola teorikoak eta praktikoak baliatuz manga eta anime garaikideak eskaintzen duten aberastasuna eta dibertsitatea ezagutzera ematea gustatuko litzaiguke.

Laura Montero Plata

Irudia: Kurosawa en Paprika de Satoshi Kon.
Los siete samuráis de Takao Saito.
Kaze no jojimbo.
Secuencia secuencia de Millennium Actress.
Storyboard de la Princesa Mononoke.
Cartel de The Masque of the Black Death.
Anuncios

Una respuesta a Manga eta anime garaikideak

  1. Pingback: Manga eta anime garaikideak | La mirada del samurái / Samuraiaren begidara

Los comentarios están cerrados.