Nola ezagutu samurai bat? (Denboran bidaiatzen bada)

Mōko Shūrai Ekotoba (1293). Nahi duenak ikus dezakeen irudia.

Zinemak, batez ere mendebalderaino iritsi den zinemak, samuraien irudi idealizatua helarazi digu: heroi loriatsu moduan batzuetan, pertsona bakarti eta erromantiko gisa beste batzuetan, eta ezin sinetsizko ausardia eta sakrifizioa egiteko ahalmena duen pertsona gisa ia gehienetan. Baina samurai baten patuak eta bizimoduak aldaketak ezagutu ditu historian.

Jatorrian samuraia gudari aristokrata zen, baina terminoaren erabilera zabaldu eta jauntxo baten (daumyo) aginduetara leialtasun osoz borrokatzen zuen kasta oso bat izendatzeko erabiltzen hasi zen. Estatus berezia eta arau propioak zituzten eta XII. mendetik aurrera,  klanen arteko borrokak hain ugariak ziren testuinguru feudal batean, gero eta botere handiagoa bereganatu zuten.

Gudariak “armadura handia” edo yoroi delakoa jantzita joaten ziren borrokara. Samuraien estiloa eta konplexutasuna garatuz joan ziren, borrokarako erabiltzen zituzten teknikekin batera. Hasiera batean, samuraia zalduna eta arkularia zen batez ere.

Baina XIII. mendean, armada mongoliar, txinatar eta korearren erasoei aurre egiteko zaldietatik jaitsi eta zutik borrokatzen hasi ziren, sableak eta alabardak erabiliz. Burdinazko plaka artikulatuekin egindako armadurak, larruarekin forratzen zituztenak, erabiltzen zituzten; horrekin batera, kasko luze adardunak, hoshi kabuto delakoak, osatzen zuen samuraien irudia.

Yoroi izeneko armadura horien birsorkuntza bikaina ikus daiteke Kurosawaren filmetan: Kagemusha, la sombra del guerrero edo Ran dira adibide batzuk. Azken horrekin irabazi zuen 1985ean Jantziteria Onenaren Oskar Saria. Aipatutako bi filmak Azuchi Momoyama-ren garai historikoan [1568-1603] girotuta daude.

Samurai batentzat ezpata objektu sakratua zen, eta ezpataren xaflak, bere purutasunagatik, gudariaren arima irudikatzen zuen. Beraiek bakarrik eraman zezaketen sable luzea edo katana, eta sable motza edo wakasashi-a, eta ezpaten dekorazioak gudariaren estatusa eta sentsibilitatea adierazten zituen.

Bere ezpata galtzen zuen samuraiak bere ohorea, bere bizitzaren oinarria galtzen zuen. Bere jauntxoa menderatzen bazuten, ezpata hartu eta erritu-suizidioa edo seppuku delakoa gauzatzea zegokion, samuraien jokabide-kodeak edo bushido delakoak agintzen zuena betez. Samuraien kode etikoak leialtasuna eta duintasuna eskatzen zien une oro baina, askotan, Kurosawaren zinemak maisutasunez erakusten duen moduan, kontraesanak sortzen ziren bizitzaren konplexutasunarekin eta giza pasioekin.

Bushido-aren ikuspegi idealizatu hori ikus dezakegu Kurosawaren “Los siete samuráis” filmean, adibidez: gudari harro hauek bai nobleziaren bai uztak lapurtzen zizkieten bidelapurren mende bizi ziren kasta baxuagoko baserritarren alde agertzen dira bertan. Ordainketa gisa egunean hiru arroz-anoa jasoko dituzte eta herriko neska-mutil gosetiekin partekatu. Zurruntasuna, urritasuna, mendetasuna, kemena, sakrifizioa eta bertutea.

Chosyu klaneko samurai gudariak, Boshin gerren garaian. Felice Beato-ren argazkia, 1860.

Amaieraren hasiera

Ironikoa bada ere, Tokugawa Ieyasu lurjabe samuraiak murriztu zituen ordura arte elite militar horrek edukitako pribilegioak, Shogun edo herrialdeko errege-agintaritza maximoa izatera iritsi zenean. Modu horretan, lurrak galtzen hasi ziren eta baserritar, artisau edo merkatari bihurtu behar izan zuten, biziraun ahal izateko.

Beste zenbait mertzenario bihurtu ziren, hirietako jauntxoen zerbitzura lan egiteko, edo ronin (olatu gizakia) bihurtu ziren, alegia, mertzenario izateko bere burua eskaintzen zuten jauntxorik gabeko samuraiak ziren. Hori da, hain zuzen ere, Yojimbo filmaren protagonista den Sanjuroren kasua. XIX. mendeko ronin bat da, anakronikoa eta anbiguoa, aurkari diren edozein alderdiri bere burua saltzeko prest dagoena.

Bakeak eta landa-bizitzako ohiturak utzi eta hirikoetara egokitzeko beharrak samuraien gainbehera areagotu zuten, izan ere, ordura arte jarraitutako kode zorrotzak talka egiten zuen Meiji gizarte berriak, kanpoaldera irekiago zegoenak, ekarritako egoera berriarekin.  Samuraien pribilegioak ofizialki desagertu ziren eta 1875ean, euren duintasunaren sinbolo ziren ezpatak eramatea debekatu zitzaien. Azken matxinada bat gertatu zen: samuraiak euren arma tradizionalekin enperadorearen armada modernoaren aurka borrokatu ziren. 20.000 samurai baino gehiago hil zirela esaten da. Beraiekin batera bizimodu bat hil zen, ez, ordea, mitoa.

Gaur egun, oraindik, ohorea da samurai familia bateko ondorengo izatea. Kurosawa horietako bat izan zen.